Green Digital Conference-ren lehen jardunaldian, Andrés Ortega Klein, Gemma Galdón eta Fiachra O’Brolchain bezalako adituek parte hartu dute, trantsizio digital eta jasangarria lerrokatzeak dakarren erronka globalari heltzeko.
Beste gako batzuen artean, gaur egun adierazi da teknologiaren eragina ez dagoela “soilik energiaren eta baliabideen kontsumoan; baita Afrikako eta Asiako herrialdeetan baliabideak eta giza bizitzak kontsumitzeko moduan ere, handik hartzen baititugu energia eta baliabideak ekoizteko lehengaiak”.
Bilbao European Encountersen IX. edizioa da. Gaur Azkuna Zentroak hartu du, eta bihar BBK Kunan jarraituko du. Bilboko Udalak, BBK-k, Globernancek eta AI & Democracy Katedrak antolatzen dute.
‘Green Digital Conference’ gaur hasi da Bilbon. Ekitaldiak hiri honetan kontzentratuko du trantsizio digital eta ekologikoa lerrokatzeari buruzko nazioarteko eztabaida, gizateriak gaur egun aurre egin behar dion erronka erabakigarria. Bilbao European Encounters-en IX. edizioak lehen jardunaldia egin du gaur goizean Azkuna Zentroan, eta bihar BBK Kunan jarraituko du. Nazioko eta nazioarteko hizlariekin, bi trantsizioak gertatzen diren bitartean Garapen Iraunkorreko Helburuak eta 2030 Agenda betetzeari buruzko gakoak hurbilduko ditu.
CSICeko Filosofia Institutuko zientzialari titularrak eta Globernanceko Txetxu Ausínek eman dio hasiera topaketari, “digitalizazioa gure ekonomia eta gizartea aldatzen ari dela” adieraziz. “Klima-aldaketa bezalako erronka handiei aurre egiten lagun diezagukeen arren, energia-kopuru izugarria suposatzen duen errealitatea da eta, beraz, beharrezkoa da bi trantsizio horiek era adimentsuan aztertzea eta uztartzea”. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua berarekin egon da: “2018tik 2020ra bitartean egindako ikerketek diote sektore digitalak lehen mailako energia globalaren % 3 kontsumitu duela, energia elektriko globalaren % 7, eta, gainera, CO2 isurien % 5 sortu duela”.

Fiachra O’Brolchainek, Dublin City University-n etika aplikatuan adituak, digitalizazio berde baten etikari heldu dio: “Arrisku etiko gisa, iraunkortasuna ez da berez arau-esparru bat; adimen artifizialak desberdintasuna areagotu du, adibidez, nazio aberatsetako enpresek baliabide eskasak eskuratzeko gaitasun handiagoa dutenean; edo, algoritmoekin erabaki politiko eta sozialak hartzea gero eta gehiago menderatzen dutenean, parte-hartze demokratikoa murriztu egiten da. Digitalizazioak bizitzeko dugun modua eraldatuko du, eta horrek portaera-modu berriak sortzeko aukera emango digu”. Bestalde, Los Verdes/ALE Europako talde parlamentarioarentzat European Green Foundationeko eskubide digitalen aldeko aktibistak, Narmine Abou Bakarik, adierazi du “beharrezkoa dela teknologia arautzea, adimen artifizialaren moduko esparruei buruzko ikuspegi sistematikoa barne. Teknologiaren inpaktua ez dago soilik energiaren kontsumoan, baita Afrikako eta Asiako herrialdeetan baliabideak eta giza bizitzak kontsumitzeko moduan ere, herrialde horietan erosten baititugu energia eta baliabideak ekoizteko lehengaiak”.
Andrés Ortega Klein idazle, analista eta kazetariaren esanetan “digitalizazioaren edo IKTen zeregin gero eta handiagoa ez dago emisioak murriztera bideratuta, kontrakoa baizik: haren aztarnak etengabe egin du gora azken 50 urteetan, eraginkorragoak izan arren. Sarritan, efizientzia handitzearekin batera, misioak areagotu egiten dira, erabilera ere handitzearen ondorioz. Kaltegabea dirudite, ‘hodeia’ badirudi hor dagoela, besterik gabe, baina izugarri kontsumitzen duten ehunka eta ehunka prozesadore dira. Milaka kilometrotan dabilen informazioa da, eta ordubetez piztutako kontsumo txikiko 3 edo 4 bonbillaren baliokidea kontsumitu dezake. Nahiz eta, ondo inplementatuta, digitalizazioak 5 tona CO2tik 1 aurreztu dezakeen”.
‘Digitalizazioari eta iragaitza ekologikoari buruzko beharrezko hausnarketa’ mahaian parte hartu du, eta bertan, besteak beste, Gemma Galdón etika teknologikoan eta erantzukizun algoritmikoan aditua ere izan da, zeinak gizartean eta ingurumenean duen eragina azpimarratu duen: “Ikusten ari gara algoritmoek, batzuetan, emakumeekiko, arrazializatutako pertsonekiko, minusbaliatuekiko diskriminazio-jokabideak erreproduzitzeko joera dutela. Ingurumenari dagokionez, auditore algoritmikoak garen aldetik, ematen zaion arreta eskasak harritzen gaitu. Enpresa edo erakunde bati kontuak eska dakizkioke instalatuta dituen bonbillei buruz, baina ez zerbitzarien kokapenari buruz, eta oraindik ez dugu adostu ingurumen-inpaktu hori nola neurtu”.

Arratsaldean hainbat arlotako profesional gehiagok parte hartu dute. ‘Digitalizazioko eta deskarbonizazioko jardunbide egokiak’ mahai-inguruan, VICOMTECHeko Jorge Posadak adierazi du “irtenbide teknologikoak garatzen diren edozein esparrutan deskarbonizazioa nola sartu eta jarduera horrek zer eragin duen aztertzen aritu beharko genukeela”. Arantza Oyangurenek (AIHUB-CSIC) azaldu du nola garatzen ari diren adimen artifizialerako kontsumo txikiko software bat, aplikazio zientifikoa duena -adibidez, datu-kantitate handien tratamenduan eta analisian, hala nola CERNeko erreaktore bat, non lan ere egiten duen-, baita industriala.
Mahai-inguru horretan bertan, CSICeko ikerketa-irakasle ezaguna den Fernando Valladaresek adierazi du “Europak bakarrik, txikia izanik, bederatzi planeta-mugetatik bost lehertzen dituela. Horrelako gauzei mugak jartzeko, ekonomia deskarbonizatzeaz ari gara. Egia esan, askotan hori arazoa konpontzen ez duten adabakiak izaten dira: ekonomia zirkularra, energia-eraginkortasuna… zenbat aurreratu dugu urte hauetan? Teknologia da ‘nola’ baina ‘zer’-a berriz ere planteatu behar dugu. Automugarik gabeko teknologia soka bat da lepoan”. Bestalde, Santiago Álvarez Carreñok (CEBES-UMU) gaineratu du “gizarteak bere botoarekin edo kexekin zigortzen ez badu helburuak ez direla betetzen ari, batzuetan errazagoa dela ez betetzea. Estatu batek Parisko Akordioa betetzen ez badu, inork ez du haren gaineko botere zehatzailerik, borondatezko konpromisoak direlako”.
Jardunaldia amaitzeko, Santiago Fernandez Espainiako Gobernuko Next Generation EU funtsen arduradunak eta Cristina Monge politologo eta Globernanceko ikertzaileak hitz egin dute. Mongek esan du “‘trantsizio’ ekologikoaz eta ‘iraultza’ digitalaz ari garela. Eta trantsizio bat eta iraultza bat ez dira berdin tratatzen”, eta Fernandezekin hitz egin du funtsek ingurumenaren iraunkortasuna nola duten oinarri: “Funtsek baldintza gisa dute ‘ingurumena nabarmen kaltetzen duen ezertara ez bideratzea’. Adibidez, ezin izan zen berritu baso-suteak itzaltzeko hegazkin-flota bat, erregai fosilak erabiltzen zituztelako, eta oraindik ez dago motor elektrikoa duen hegazkinik. Horrek esan nahi du baldintza horiek betetzea oso jauzi garrantzitsua dela funtsak zertara bideratzen ditugun eta, finantzaketarekin, trantsizio ekologikoan nola laguntzen dugun”.
Bigarren jardunaldia bihar
Green Digital Conferencek bihar jarraituko du BBK Kunan, goizeko 10etatik aurrera. Besteak beste, Alicia Richart bezalako hizlariak izango ditu, Afiniti adimen artifizialeko enpresa amerikarraren Espainia eta Portugalerako zuzendari nagusia, customer experience espezialitatea duena. Haren mugarri nagusietako bat Europako Agenda Digitala Espainiara eramatea izan zen. Hori dela eta, Europako Batzordeak Digital Champion izendatu zuen 2012tik 2014ra. Digitales-en sortzaile eta zuzendari nagusia ere izan da, sektore teknologikoak Espainian duen elkarte nagusia, herrialdearen eraldaketa digitala sustatzea helburu duena.
Richartek ‘Trantsizio justuak eta iraunkorrak’ mahai-inguruan parte hartuko du. Berarekin izango da, besteak beste, Raquel Jorge Ricart, Real Instituto Elcanoko ikertzailea, agenda teknologikoan eta digitalean lan egiten duena. Haren ikerketak, besteak beste, politika teknologikoa, digitala eta zibersegurtasunekoa barne hartzen ditu, estrategiaren eta gobernantzaren ikuspegitik. Beste hizlari aipagarri bat Madrilgo Complutense Unibertsitatean Zientzia Biologikoetan doktore eta CSICeko ikerketa-irakaslea den Fernando Valladares izango da. Bertan, Ekologia eta Aldaketa Globaleko taldea zuzentzen du Natur Zientzien Museo Nazionalean (MNCN). 2015etik, zientzialari oso aipatua da (Highly Cited Researcher) Ekologia eta Ingurumen arloan, hau da, inpaktu handieneko zientzialarien % 1. Bere lanen gai nagusia landareek muturreko baldintzetan bizirautea izan da, giza jarduerek eragindako ingurumen-faktoreekin.
Ekitaldiari amaiera emateko, Juan María Aburto Bilboko alkateak; Daniel Innerarity Globernanceko zuzendari eta Humanitateen arloko Ikerketa Sari Nazionalak; Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak; eta Carme Artigas Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkariak itxiera instituzionala eskainiko dute. Arratsaldean herritarrentzako tailerrak izango dira eta Green Digital Conference Beer & Politics-en saio batekin amaituko da, Cristina Monge politologo eta Globernanceko ikertzailearen eta Juan Luis Cano kazetari eta umoristaren eskutik.