Bilbao European Encounters-en IX. edizioa azaroaren 17an eta 18an ospatuko da. ‘Green Digital Conference’ izenpean, aurtengo gaia trantsizio digitala Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030 Agendarekin lerrokatzeko beharra izango da.
Bilbok, azaroaren 17an eta 18an, trantsizio digitalean ingurumen-ikuspegi jasangarria txertatzeko beharrari helduko dio. Aurten ‘Green Digital Conference’ izenburua izango duten Bilbao European Encounters -en IX. edizioaren bidez izango da. Estatu mailako eta nazioarteko hizlarien parte-hartzearekin, ekitaldiaren helburua izango da trantsizio ekologikoa eta energetikoa digitalarekin lerrokatzeko beharraz gogoeta egitea, Garapen Jasangarriaren Helburuak eta 2030 Agenda betetzerako orduan.
Digitalizazioak, Adimen Artifizialak (AA) eta aurrerapen teknologikoek aukera handiak eman dituzte esparru asko hobetzeko. Datuetan oinarritutako politika publikoak, hain espekulatiboak ez diren erabaki-ereduei laguntzeko, hiri-inguruneetan teknologia eta sistema adimendunak erabiltzea (Smart Cities), energia-baliabideak eta lehengaiak modu eraginkorragoan erabiltzea, mugikortasuna eta garraioa optimizatzea…
Hala ere, AAk eta, oro har, ekonomia digitalak ingurumena errespetatzen dutela dirudien arren, errealitatean, baliabideen eta energiaren kontsumo izugarria dakarte haiekin. Sare eta produktu elektronikoen fabrikazioak eta mantentzeak aise gainditzen ditu beste kontsumo-ondasun batzuk; hodeian datuak konputatzeko eta biltegiratzeko zentro handiek energia kantitate handiak behar dituzte, eta aztarna handia dute CO2 isurien ondorioz; eta kontsumo elektrikoa hain da handia, ezen horrekin lotutako karbono-isuriak itzelak baitira. Beraz, premiazkoa da bi trantsizio horiek erakundeen, enpresen, ikerketa-zentroen, hirugarren sektoreko erakundeen eta, oro har, herritarren lankidetza adimendunaren bidez lerrokatzea.
Bi jardunalditan zehar eta lehen mailako hizlariei esker, Green Digital Conference-ek erronka global honetan jarriko du arreta, hainbat gai kontuan hartuta: trantsizio ekologikoaren eta digitalaren arteko sinergiak, praktika onak eta txarrak… Gainera, ekitaldiaren emaitza gisa, ‘Digitalizazio iraunkor eta berde baten aldeko eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko teknologia digitalen erabileraren aldeko Bilboko Adierazpena (2022)’ formalizatuko da.
Hitzordua Bilboko Udalak, BBK-k, GLOBERNANCEk eta AI & Democracy Katedrak antolatu dute, eta Basque Center for Climate Change BC-3, Real Instituto Elcano, Observatorio Nacional de Tecnología eta Sociedad ONTSI-RED.ES, GEA-IFS, CEBES-UMU, AI-HUB CSIC, Itd-UPM eta Eusko Jaurlaritza bezalako eragileen laguntza du. Egitarau osoa eta izen-emateak laster egongo dira eskuragarri.
Bilbao European Encounters-i buruz
Europar Batasunak 2008an hasitako finantza-krisiari eta krisi fiskalari erantzun zion zenbait tresna politikorekin (Europako Itun Fiskala, esaterako), eta horiek Batasunaren berehalako arazoetako batzuk arindu zituzten. Hala ere, 2013an gai garrantzitsuak zeuden oraindik aintzat hartu gabe, eta, are garrantzitsuagoa dena, krisia kontrolatzetik urrun zegoela zirudien. Gainera, estatu kide askotako iritzi publikoaren artean EBren esanahiari eta integrazioari buruzko kezka eta zalantza sakonak zeuden, eta horrek lehen ez zegoen jarrera eszeptikoa eragin zuen.
2013. urtean Bilbao European Encounters-ak sortu ziren, bokazio bikoitzarekin: lehenik eta behin, Europar Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida aberastea, Bilbo topagune bihurtuz, non tokiko, estatuko eta nazioarteko izen handiko akademikoek eta adituek Europari buruz hausnartu eta aurre egin beharreko erronkak aztertu ahal izango zituzten; bigarrenik, Europari buruzko eztabaida herritarrei zabaltzea. Zortzi ediziotan EBren hainbat erronkari heldu ondoren, aurten, ‘Green Digital Conference’-ak digitalizazioa eta energia- eta klima-erronka izango ditu ardatz.