green_digital_conference

Bilbao Green Digital Adierazpena

Hitzaurrea

Digitalizazioa leku guztietan dago. Datuen zientziaren, robotikaren eta adimen artifizialaren bidez, gizakia zeregin arriskutsuak edo alienatzaileak egitetik libratu eta prozesu azkarragoak eta eraginkorragoak sustatzen ditu, joerak eta korrelazioak identifikatzen eta aurreikusten laguntzen baitu. Transformazio digitalaren ekonomiak gauzak ikusteko eta egiteko ditugun moduak aldatu eta ekintzailetza-eredu berriak sortu ditzake, hala nola lankidetza bidezko berrikuntza (adimen kolektiboa eta esperimentazio irekia) eta aktibismo sozialerako aukera berriak. Horrez gain, datuetan oinarritutako politika publikoek erabakiak hartzeko hain espekulatiboak ez diren ereduak sortzen eta arriskuak eta zalantzak murrizten laguntzen dute. Datu irekiko estrategiekin batera, administrazioen gardentasuna eta kontu-ematea sustatzen dute, herritarren parte-hartzeari eta politika publikoekiko konpromisoari bide emanez.

Duela gutxi bizitako pandemiak digitalizazioak askotariko erronka eta problematikei aurre egiteko duen garrantzia handitu du, ez bakarrik osasun publikoari dagokionez, bai eta lanari, administrazio-kudeaketari, gizarte politikei, mugikortasunari, herritarren
parte-hartzeari eta klima larrialdiari dagokienez ere. Zehazki, azken erronka horri aurre egiteko, teknologia eta sistema adimendunen erabilerak, bereziki hirien moduko inguruneetan (Smart Cities), energia-baliabideak eta lehengaiak modu eraginkorragoan erabiltzen, ekonomiaren desmaterializazioan eta deskarbonizazioan, lagundu dezake, produktuetatik zerbitzuetara pasatzen laguntzeko, mugikortasuna eta garraioa optimizatzeko eta, oro har, ekonomia jasangarria bultzatuko duen ingurumen-inpaktua murrizteko.

Hala ere, digitalizazioak baliabide- eta energia-kontsumo oso handia dakar. Sare eta produktu elektronikoen fabrikazioak eta mantentze-lanek beste
kontsumo-ondasunenak aise gainditzen dituzte. Mineralen eta lehengaien erauzketari konputazio-zentroek eta datuak biltegiratzeko zentroek behar duten energia-kopuru oso handia gehitu behar zaio, horrek ingurumenean duen inpaktuarekin. Kalkuluen arabera, 2030ean teknologia digitalek EBn berotegi-efektuko gasen isurketen % 40 eta kontsumo elektrikoaren % 10 eragingo dute. Digitalizazio hori materiala da, materialegia.

Hori dela eta, premiazkoa eta atzeraezina da, beren arteko mendekotasuna ikusita, trantsizio digitala eta trantsizio ekologikoa eta energetikoa lerrokatzea, erakunde, enpresa, ikerketa-zentro eta erkidegoen lankidetza adimentsuaren bidez, eta, era berean, ingurumena – sistema naturala kontuan hartuta (jasangarritasun-irizpideak txertatzen dituen “bost helizeko” berrikuntza-eredu gisa ezagutzen da).

Beraz, hurrengo dekalogoa proposatzen dugu trantsizio digital eta berde baterako, 2022ko azaroaren 17 eta 18an Bilbon antolatutako GREEN DIGITAL CONFERENCE ekitaldiaren baitan izandako hizketaldiaren emaitza dena. Ekitaldi hori Bilboko Udal Txit Gorenak, BBK, GLOBERNANCEk eta Adimen Artifiziala & Demokrazia Katedrak (European University Institute) babestu zuten.

Dekalogoa

1.- Minimalismo digitalaren irizpideen arabera jardutea: Testuinguru eta aplikazio zehatz batzuetan digitalizazio sistemak garatzeko egokitasuna eta beharra aldez aurretik baloratzea, teknologia hutsala ekiditeko.

2.- Eko-diseinuko irizpideak txertatzea sistema digitalen garapenean eta ezarpenean, ingurumen-inpaktua ebaluatu eta neurtzeko prozesuak barne. Inpaktuak neurtzea beharrezkoa da, sistemak eraldatu ahal izateko (etika eta jasangarritasuna diseinutik / ethics and sustainability by design).

3.- Datuen zientzian eta adimen artifizialean oinarritutako algoritmo berdeen garapena sustatzea, prozesu eta jardueretan energia-efizientzia hobetzeko.

4.- Ingurune digitaletan energiaren erabilera optimizatzea, berotegi-efektuko gasak murrizteko.

5.- “Algoritmo berdeak” direlakoen bidez, energiari dagokionez jasangarriak eta eraginkorrak diren hardwareak eta softwareak ikertu eta garatzea.

6.- Material eta gailu elektronikoen berrerabilera eta konponketaren kultura sustatzea, “ekonomia digital zirkularraren” esparruan.

7.- Digitalizazio-prozesuetan energia berriztagarriak lehenestea.

8.- Digitalizazioan eta energiaren sorreran erabilitako lehengaien erauzketaren ondorio kaltegarriak jasan ditzaketen gizabanako, herri, espezie eta ingurune zaurgarriak babestea.

9.- Digitalizazio-prozesuek eragindako onura eta kargetarako sarbide justua eta bidezkoa bermatzea.

10.- Herritarren artean alfabetatze digital jasangarria sustatzea, kontsumo digitaleko ohitura onak sustatuz, bereziki jasangarritasunarekin eta ingurumenaren babesarekin oso kontzientziatuta dauden gazteen artean.

Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta 2030 Agendarekin lerrokatutako garapen digitala posiblea da, bere ondorio sozialak, materialak eta energetikoak kontuan hartuz gero. Garaiz gaude.

GREEN DIGITAL CONFERENCE, Bilbo 2022

PDF deskargatu

Skip to content